Suspergintza Elkartea

Emaitzei eutsi die BBK-k

Berria - 23/07/2010

Iazko emaitzak berdindu ditu BBK-k aurtengo lehen sei hilabeteetan. Zehazki, %0,2 gehiago irabazi du, 186 milioi euro. Emaitzen berri ematean, interes tipoen gainbeherak marjin ezberdinen bilakaeran izandako eragina nabarmendu du. %27,3 jaitsi da interesen marjina, eta %13,5 marjin gordina. Kostuak jaisten jarraitu du BBK-k, %4,7 txikitu ditu. Horrez gain, ezohiko zuzkiduretara egindako ekarpenak murriztu ditu. Hala, erakundearen ustiapen emaitza %2,5 hazi da. Berankortasuna izan ohi da beste adierazle garrantzitsuetako bat. Ekainaren 30ean, %2,57koa zuen BBK-k. Bigarren hiruhilekoan, hiru ehunen murriztu da, urtebetean lehen aldiz.

Ohar baten bidez eman zituen emaitzak atzo Bizkaiko kutxak. Alabaina, Mario Fernandez presidenteak EHUren udako ikastaroetan hartu zuen parte. CajaSur bereganatzeari buruz ez zuen hitz egin; bai ordea herenegun Espainiako Kongresuak onartutako kutxen lege berriaren gainean. Haren iritziz, araudi berria «oso egokia da», etorkizunen kutxen ereduak hartzen duen joera ikusi beharko den arren. Erreformaren bidez, bakoitzak erabaki dezakeela «handitan zer izan» azaldu du. Hau da, orain arte bezala norbere lurraldean oinarritu, hipotekekin eta kontsumo produktuekin lan eginez; edo, bestela, negozioaren bateratze erabateko edo partzialerantz jo banku baten bidez.

Kritika erreformari

Iñaki Azkuna Bilboko alkatearentzat erreforma ez da «aurrerakoia». Elena Salgado Espainiako ekonomia ministroaren esanetan, gaiaren inguruan egindako erreformarik handiena da. «Espainian bankuen eta kutxen erreforma gutxi egin dira hau baldin bada handiena», erantzun dio. BBK-ko kasua aipatu du Azkunak. «Diputazioa eta udala kenduko gaituzte Jaurlaritza sartzeko. Antzeko legea egin dugu; beraz, ez dut uste oso aurrerakoia denik». Hala ere, Bilboko alkateak esan du ez duela nahi erakunde lokalek boterea galtzerik autonomikoen mesedetan.

Erreformarekin ez dago ados ezker abertzalea ere: «Euskal Herriko errealitatea aparte uzten duelako, kutxak banku bihurtu nahi dituelako, berriro ere haiei funts publikoetatik dirutza emateko aukera ematen zaielako eta gizarte ekintza murrizten delako».

Gaiaren inguruan EAJk izandako jarrera gaitzetsi du ezker abertzaleak. Abstenitu egin zen hura erreformaren bozketan. «Madrilen bozkatu ez arren, Araban, Vital lege berrira egokitzeko neurri guztiak onartzen ari da», esan du. Euskal kutxen fusioaren alde hitz egin arren, Vital Kutxako administrazio kontseiluko EAJko kideek bestelako ekimenak ere babestu dituztela azaldu du. Besteak beste, Zaragozako, Burgosko eta Badajozko aurrezki kutxekin bat egiteko negoziazioei ekitea onartu dutela dio ezker abertzaleak. «PSOEk erakunde gero eta handiagoak sortu nahi ditu, eta EAJk amore eman du politika horri dagokionez. Horrekin, gainera, euskal kutxen fusioa oztopatzen bazen, are hobeto». Ezker abertzaleak uste du EAJren helburu bakarra dela Vitalen dituen «pribilegiozko postuei eustea».

Bien bitartean, Juan Jose Azurmendi SEA patronaleko presidenteak Vitaleko presidente kargurako «hautagairik onena» aukeratzeko eskatu du. Ez du iritzirik eman nahi izan Carlos Zapatero hurrengo presidentearen gainean. Gaur egungo egoera «ezegonkorrak» ez diola mesederik egiten erakundeari adierazi du, eta lehenbailehen konpondu behar dela auzia gaineratu du.

Simón Bolívar 8b 48010 Bilbao | tlf. 944 008 060 | fax 944 008 061 | Zaintzea | Nontzeberri | Bakeola | aviso legal